Yolanda Barcinari tartak igurtzi ziotenek epaiketa bertan behera uzteko exijitu eta AHTaren lanak gelditzea eskatu dute

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 17a

 

Yolanda Barcinari 2011. urtean tartak aurpegian igurzteagatik lau lagun epaituko dituzte azaroaren 18an Auzitegi Nazionalean. Gorenean helegitea jarria duten arren, eta oraindik onartuko dieten edo ez jakin gabe epaituko dituzte. Agintariaren aurkako atentatua leporatzen diete Mugitu! mugimenduaren hiru kideei: Mikel Alvarez, Julio Villanueva eta Ibon Garciari; horientzat fiskalak 5 urteko kartzela zigorra eskatzen du, Barcinaren akusazio partikularrak 6 urtekoa. Laugarrenari, Gorka Ovejerori agintari izatearen egoeraz baliatzearen larrigarriagatik, Arruazuko zinegotzia baita, 9 urteko espetxe zigorra eskatzen dute.

Gehiegizkoak dira zigor eskaera horiek auzipetuen ustez, ekimen harekin Abiadura Handiko Trenaren gehiegikeria salatzea baino ez zutelako egin nahi, desobedientziaren bidea erabilita.Mugitu! Mugimenduaren lau kideen aurkako prozesua artxibatzea eskatu dute eta AHTaren lanak geldi ditzatela. 

Auzipetuei babes emateko kanpaina, abian

Tartak Barcinari igurtzi zizkietenei babes emateko kanpaina jarri dute abian. Modu askotan eman dakieke laguntza: laguntza ekonomikoa, babes mezuen bidezkoa edo protestetan parte hartuta. Azarorako egutegia prest dute: hilaren 7an Iruñean eginen dute elkarretaratzea, duela bi urte Toulousen egindako bilera bilduko baita hemen; hilaren 12an elkartasun ekintza eta elkarretaratzeak eginen dira; hilaren 16an manifestazio nazionala Iruñean eta hilaren 18an epaiketaren egunarekin, Madrilen elkarretaratzea eginen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!