Eta badatoz berriz presak, testu liburuak, katalan pila bat, Siria, salafistak, paktuak, murrizketak, zutabegileak, tertulianoak, analistak, adituak, adierazpenak, ika-mikak, udazkeneko literatur nobedadeak, diskoak, badatoz erakusketak, filmak, kontzertuak, egitasmoak, diru-laguntzak, zurrumurruak, esamesak, gezurrak, Obama, Putin eta Hollande, paperezko mendiak, Barcina, Urkullu, tweet bat haserretzeko, tweet bat informatzeko, tweet bat brometarako, tupperwareko janariak, euria, hotza, presazko kafesneak, hitz egingo dugu, geratuko gara, orain ezin dut, presaka, badakizu, abiadura, erritmoa, martxa, ea hartzen dugun, martxa, martxa, martxa, eta galdera bera buruan urtero: abuztuan planeta osoa ia standbyn uzteko ados jartzen bagara, zer arraio, kristo eta demoniorengatik ez dugu kontsentsu hori urte osora zabaltzeko borrokatzen? “12 hilabete, 12 kausa”? Ba, irailean, hiper-azelerazio kapitalistaren kontra: aurreneko barrikada antolatzera noa historia liburuetan agertuko den siesta batekin.