Argazkian, txirrindularia lurrean eserita, leher eginda. Inguruan zaindariak adeitsu. Aurpegian, nekea eta poza. Eta bi eskuetan hatz potoloak zerura begira. Irabazi egin du, eta zaharra da. Horregatik da albiste. Adinekoa izanik irabazi egin duelako. Adinari ez bai zaio gaur egun ezer onik aitortzen. Indarrak ahuldu egiten ditu, zimurrak sakondu, gorputza bigundu. Eta burua gogortu, neuronak fosildu, memoria jan.
Ez dira garai onenak adinekoentzat. Eta, hala ere, adindu egin behar. Eta adintzea nahiago. Horregatik, hasi behar genuke adina estimatzen, eskarmentuari balioa ematen, zimurretan jakinduria ikusten. Gazteekin lehian nekez izango delako adinekoa irabazle. Hain zuzen, horregatik izan bai da txirrindularia albiste.