Eguzkia, oi eguzkia, azkarra da gero gure eguzki maitea. Badakizue non ibili den eguzkia negu guztian? Beno, negu guztian eta udaberri ia guztian? Sedukzioari buruzko ikastaro bat egiten. Eta bistan da ez duela denbora alferrik galdu ikastaro horretan, majo ikasita helduko baita, datorren astean, udako solstizioan jotzen duen gainaldera.
Eta zer irakatsi diote ikastaro horretan? Bada eguneroko errutina hankaz gora jartzen, gizaki xumeok kontura gaitezen nolakoa den eguzkiaren garrantzia. Horrela, negu guztia lasai samar eman dugu eguzkirik ikusi gabe ere, jakin bagenekielako, urtero bezala, udaberrian berriz ere hasiko zela inguruko bazterrak argitzen eta epeltzen. Baina udaberria etorri eta eguzkiaren arrastorik ez dugu sumatu, eta orduantxe, hain zuzen ere, oroitu gara eguzkiaz. Non ote dabil gure borobil kuttuna? Kontu bitxia da, normalean egunero ikusten dugunez, ikusezin bilakatua zen guretzat. Baina aski izan da udaberrian betidanik harekin izan dugun ohiko hitzordura ez etortzea burutik ezin kentzeko.
Eta eguzkia, horretaz ohartuta, ekainaren erdialde honetan kuriketan ari da gurekin, hodeien artean jolasean: kaixo hemen nago, agur banoa. Joan den igandean “hau bero sapa” esaten entzun zigun han eta hemen, eta berriz ere joan zaigu, hotza eta euriari bidea emanda. Erreguka hasten garenean itzuliko da agian, bere nahia betetzen denean: guk desiratzea eta maitatzea, baita gu horretaz konturatzea ere.
Baina argi dago nafarrok sekulako uda polita pasatu behar dugula aurten, ilunaren ondotik askoz gehiago estimatuko baitugu eguzkiaren epela; beraz, uda kontziente eta ona pasa, eta ez egin kasurik beltzaren aurrean beltzagoa iragartzen duten horiei, aurten ere uda izanen baita, eta, zergatik ez, agian sekula baino hobea.