“Trokenor, deshauziorik ez”, hala dio kartelak, fabrikako sarreran. Baina, gertatu egin da desjabetzea. Bizkaian. Sondikan, Bilboko aireportutik hurbil.
Ehunen bat langile kaleratu ditu Ertzaintzak, euretako batzuk indarka argazkiak erakusten duenez. Itxialdian zeuden langileak. Lana, lanpostua eta lan-soldataren defentsan. Trokenor enpresak zorrak ditu pabiloiaren jabearekin, eta horrek –aldi berean– zorrak ditu Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Diputazioarekin eta Gizarte Segurantzarekin. Esperpentikoa, baina benetakoa.
Despidorik ez da izan Trokenorren. Ofizialki, ez behintzat. Enpresak ez ditu langileak bota. Baina, enbargu-agindua etorri, eta ertzainek atera egin dituzte pabiloitik bertan lanean jardun nahi zuten beharginak.
Tantaka-tantaka hasi ginen krisiaren erasoa nozitzen. Baina, Pirinioetako urak bezala, orain, oldeka datoz haren atzaparkadak.
Atertuko al du?