Aitor Etxarte: Zorraren unibertsitatea

Euskalerria Irratia 2013ko ekainaren 17a

Ikasturtea bukatzen da. Eskola eta unibertsitatean ohiko jarduna etengo da udan.

Etendura gehiago egunero gertatzen ari dira, oharkabean gehienak. Edozein zabalguneko boboen artean makina bat istorio dibertigarri trukatzen dira eskolaren huskeriaz. Garrantzi ezaz. Horrela, gogora ekartzen da, adibidez, Charles Darwinek hezkuntzarako aukera guztiak izan zituela, baina haren emaitza kaskarrek etengabe mintzen zutela aita “Ehiza, zakurrak eta arratoiak harrapatzea besterik ez duzu buruan. Familia eta zure burua lotsaraziko dituzu”. Zertarako eskola? Seaska onekoek aurrera egingo dute beti. Ondasunak eta harremanak herentzia bidez dituenak etorkizunari beldur gutxi dio. Gainerakoentzat derrigorrezko eskola eta goi mailako ikasketak bizitzaren giltzak dira.

Selektibitatea bukatu da, aurtengo deialdia eta, agian, bere ziklo historikoa. Gurean unibertsitateak duen krisialdia oharkabean igaro da. Bourdiek azaldu zuen erakundearen egin beharra klasearen egitura eta hierarkiaren jarraipena bermatzeko, beste batzuk azpimarratu dute ondasun jakintzak sortzeko duen garrantziaz edo hegemonia ideologikoa berritzeko prozesuetan egiten duen lana. Horregatik, gatazka askoren borroka eremua da.

Erdi aroan Europan sortu zen ohiko jardueretatik “aparteko” izaerarekin eta modernitatean gehitu zitzaion “publiko eta unibertsala” bihurtzeko ezaugarriak. Orain mundu osoan diren unibertsitateek krisi eredu antzekoak dituzte: zorraren unibertsitatea deitu dena. “Aparte” izatetik, merkatuaren muinera bideratzeko joera dago eta “publiko eta unibertsala” izan ordez, pribatua eta elitekoa izateko. Beraz, txantxa gutxi ikasketa sistema publikoarekin.

Santiago Alba Ricok idatzi du: “demokrazia eta ezagutza errebindikazio antikapitalistak dira”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!