Patxi Zubizarreta: Sinpatiaz

Euskalerria Irratia 2013ko ekainaren 13a

Oso oker ez banago, Gasteizen bertan izan nuen sinpatia efektuari buruzko lehen albistea. Esan bezala, oso oker ez banago, etakide bat hirigunean bonba bat jartzera zihoan eta, oraingo Corte Inglés aldera iristen ari zela, errepidea zeharkatzeko semaforoaren zain zegoela, argi aldaketarekin batera —anbar-etik gorrira pentsatzen dut—, klik ñimiño horrek sinpatia efektua eragin zuen eta geroxeagorako aktibatua zeraman bonba bertan lehertu zitzaion —argi gorria piztearekin batera pentsatzen dut, berehala gorria denera barreiatu zelako—: bertan lehertu zitzaion.

Harrezkero noiz edo noiz entzun dut halako konturik, baina argi dut noiz izan dudan azken albistea. Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobelan izan da. Idazlearen haur denboran, amak atzera eta aurrera eraman zuen alaba eria, benetako erromesaldia alabaren begi gaixoa ez galtzea lortuko zuelakoan; baina idazleak liburuan nabarmentzen duenez, hain zuzen ere begi osasuntsuaren galera ekidin zuen oftalmologoa eskertzen du denen gainetik: hura bakarrik konturatu zen, begi gaixoa erauzi ezean, sinpatiaz, gaixotasuna beste begiari ere kutsatuko zitzaiola eta neska gazteak bi begiak galduko zituela: begi biak galdu: klik, klik, eta mundua itzali.

Aitor dut: begiak erre beharrean izan ditut nik nobela hori irakurtzean. Plazerez murgildu naiz bertan, protagonistaren barne munduan, itsumen afektiboan, arakatze literarioan eta, finean, protagonistaren barne muinean. Eta horrek sinpatia piztu dit, beharbada ni neu behin baino gehiagotan protagonistarekin identifikatua sentitu naizelako, biluzte sentimental hori idazleari eskertzen diodalako.

Oso oker ez banago, euskal letretan beste behin baino ez zait halakorik gertatu, hain zuzen ere Bitoriano Gandiaga zenaren Denbora galdu alde liburu erdizka poetiko erdizka narratiboarekin, baina osoro benetakoarekin. Urte askoan Arantzazun fraile eta irakasle izanik, halako batean gaixotu egin zen eta psikiatrarengana bidali zuten, Santa Agedara. Psikiatraren txostenak ageri dira liburuan, barne bulkadak, tristeziak, aurrera egin nahia eta ezina… Psikiatrak denbora galtzea aholkatu zion hamaika pilularekin batera —asko eta asko gorri, batzuk-batzuk anbar, bakanen bat berde—: ikasi egin behar zuela horren estua ez izaten, denbora egonean galtzen, etekin beharrik gabe, egonean egoten.

Aitor dut: hango testu askok egilearekiko sinpatia piztu zidaten orduan eta, orain, urte askoren buruan, baina negu luuuze honen ondotik, berreskuratu nahi dudan honako testu honek sinpatia efektua eragingo ahal digu. Edonola ere, testuari ekin aurretik, hemen dituzu bi irakurgai, bi proposamen erdizka terapeutiko erdizka literario auskalo nolako uda honen aurretik.

ORAINDIK goiz bakoitzera zaizkit

begiok zabaltzen.

Oraindik goiz bakoitzeko argiak nau

harritzen eta pozez zoratzen.

Oraindik eskuok, oinok oraindik

egun berri bakoitz oro

goiz berri bakoitz oro ditut argitan ikusten.

Oraindik goiz oro dut

bakoitzean egun berri bat estreinatzen.

Eta jendea eta gauzak

egun berri bakoitzaren eskenategian

ikusten ditut egun berri bakoitzaren

argitan

egun berri bakoitzaren argi berriaren

irribarretan

aurretan eta gertu

egun berri bakoitzaren

grazia paregabetan argi.

Gerizpetan, gerezi on!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!