Elixabete Garmendia: Argazkiak-03-30

Euskalerria Irratia 2013ko ekainaren 13a

Zeru urdina han barrenean, eguzkitatik babesteko estalkiaren azpian ageri dira bederatzi lagun; zehazki, bi emakume eta zazpi gizonezko, hauek ilea urdindutakoak gehienak. Argazki oinak “Iheslarien urrats historikoa” du goiburu, iheslarien mintzaidetza taldea osatu dela zehaztuz. Barruko argazki zuri-beltzean hogeita hamarren bat dira, zapatuan Miarritzen egingo den Elkartasun Hatsa ekitaldia aurkezten.

Mintzaideen zerrendari erreparatuta, Ipar Euskal Herrian bizi direnez gain, Cabo Verde, Sao Tomé, Brusela, Uruguai eta Kuban dauden bana ageri dira. Horrela ulertzen da bi argazkietako mahaietan dagoen karteleko marrazkia: Euskal Herritik abiatuta, gezi gorriak, Afrika, Ertamerika eta Hego Amerikaraino. Azken hamarraldietako euskal exilioaren mapa.

Erbesteratze horren historiak kapitulu asko ditu; gutxi batzuk daude kontatuta. Zinean Alfontso Etxegarairena azaldu zuten Josu Martínez eta Txaber Larreategik “Sagarren denbora” dokumentalean. Joseba Sarrionandiak “Lagun izoztua” nobelan, fikzioari heldu zion barne exilioa ere badena azaltzeko. Mikel Laboak kantu bihurtu zuen Sarrionandiaren poema, amak bostendako mahaia jartzen dueneko hori, hutsik geratuko den tokia ahaztu gabe.

Oraindik kontatzeke daude ehundaka lagunen istorioak, bidean geratutako zenbaitzurenak barne. Larunbatekoa azken puntua jartzen hasteko lehen urratsa izango al da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!