Lau egunkaritako azaletan aurkitu dut argazki bertsua: manifestaria poliziarengandik ihesi. Istanbulen, Taksim plaza hartuta zuten turkiarrek, polizia bidali du Gobernuak eta istiluak izan dira.
Argazki onak argitaratu dituzte, beste batzuen artean, El País, El Mundo, Correo eta Deia egunkariek. Esanguratsuak, argazkiak: poliziak tiro egiten erakusten dutenak, manifestariak molotov-koktelak jaurtitzen… sua eta garra han eta hemen. Deigarriak, argazkiok. Onak.
Manifestazioaren arrazoia? Bada, hori ez dut aurkitu egunkarietako azaletan. Azaletako bakar batean aurkitu dut azalpenezko hitz esanguratsu bakar bat: suminduak. Listo.
Nonbait, bigarren mailakoa da arrazoia. Irudia da balio duena. Suak justifikatzen du albistea. Nori inporta dio, ba, arrazoiak?
Suminduak… hala diote, suminduak. Azalpen guztia, horixe gaurko lau argazki horiek.
Suari eta garrari lotuta azaltzen da hor kazetaritza: azalari, ez mamiari… Deigarritasunari atxikita.
Pena. Haundia, pena.