Uholdeak aurretik harrapatzen duen guztia eramaten du, herenegun Iruñerriko hainbat tokitan gertatu zen bezala.
Egun berean, Noticiasen irakurritako inkestari ere uholdearen irudia zegokion. Hasierako langarra bihurturik, kontua da aldaketaren ibaia handitua omen datorrela. Hurrengo hauteskundeetan, nonbait, gainezka egin eta erditik kenduko ditu azken hamarkadetako agintariak.
Zurrumurruek diotenez, UPNko batzuek ere galdutzat ematen dituzte hurrengo hauteskundeak. Alderdi bozkatuena bai, baina gobernua nekez eginen dutela aitortzen dute.
Geroak esanen du. Begi-bistakoa dena da, batetik, UPNren azken kongresuaren emaitza hoberena izan zela… baina oposizioarentzat. Eta kongresuaren irabazlea dela, gaur egun, erregionalisten arazo eta arrisku handiena.