Nekane Perez: Bilatu zure puntu lila

Euskalerria Irratia 2013ko ekainaren 10a

Badakizu puntu lila duzunik? Non dagoen ez dakizula? Ez duzula topatu? Bilatu beldur barik, harrapatuko duzu. Ziur baietz, kontua da gogoz bilatzea eta gero ausartzen bazara erakustea eta besteoi bilatzen laguntzea. Bortzirietan aurten martxan jarriko dugu puntu lila kanpaina eta espero dugu jende ausarta topatzea. Gure herriko bestak gero eta hurbilago daude eta aukera paregabea iruditzen zaigu sinbolo hau zabaltzeko.

Sinbolo bat, besterik ez, lila da, feminismoaren kolorea ere lila delako, eta puntua da, sinbolo erraza eta adierazle guztiekin: puntu askok osatutako puntua, amaitu dela esateko, “eta puntu”. Bortizkeriarekin bukatzeko azkeneko puntua!

Ez pentsa ez dugula zer egin indarkeria sexistaren kontra, badugu, denok!!!

Martxan jarriko dugu kanpaina indarkeria sexistaren aurrean nola jokatu jakin dezagun, horretarako liburuxkak banatuko dira, eta informazio puntu bat izanen dugu gure Sanferminetan- hemen gureak baititugu -, bertako irratietan eta ostatuetan kuñak sartuko ditugu, gaur egungo teknologi berriak ere probestuko ditugu ahalik eta jende gehien lilez ukitu ahal izateko.

Guk ez dugu uste Pekinen zabaldutako azkeneko aginduetan bezalaxe emakumeoi erran behar digutenik kontrolatzeko gure janzkera ( tamalez hori aditzeko Pekinera ez gara joan behar ere) Bestak gero eta hurbilago ditugu eta orduko denok, emakume zein gizon, jakin beharko genuke gure bizi espazioa dugula, gure gorputza gurea dela.

Zer egin nahi duzun eta norekin ZUK erabakitzen duzu presiorik gabe, inork ez dauka ezer inposatzeko eskubiderik. Fidatu zaitez zure irizpidearekin: erasoa sentitzen baduzu, erasoa dela erran nahi du.

Deitu 016 zerbitzura, eta oroitu: EZ ZAUDE BAKARRIK!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!