Suposa dezagun datozen egunetan eguzkia sasoiko agertzen dela. Gerta daiteke, jakina. Horrela izango balitz, goizero krisialdia sortuko zaigu. Zuzen adieraziz: zein elastiko jantziko dugu?
Garoña bueltan omen dagoelako, kolorerik gabeko “Nuklearra ez, eskerrik asko”? Tiraderaren azpi-azpian diren Sanferminetako zezen-santu-beltzaren irudiak dituztenak? Lagunek afari xelebre hartan malezia osoz oparitu ziguten Espainiako futbol selekzioarena? Salouko merkadiloan erosi genuen Nike zuri faltsua?
Arazo latza. Edozein jantzi ere, ingurukoek pentsatu, eta, akaso, esango dute “hara aspaldiko hippya”, edo “gizagaixoa, hori planta”, “koitadu, giria ematen du”. Eta gogorragoak.
Gauzak horrela, zuzenena janzkera klasikoa aukeratzea da: “CAN-Revolución” xirta. Elastiko dotore hau, nafar zintzo guztien etxeetan dago. Egia da azken bolada honetan ez dela askorik ikusten. Agian, eguraldi freskoaren eragina izango da.
Soingainean jarriz aukera atsegina emango digu, agian, kalean tupust egiten dugun hiritar despistatuari kontatzeko 1789ko uztailaren 14an Parisen izan zen pasadizo ezaguna. La Rochefoucauld-Liancourt dukeak berri larria eman zion Luis XVIari: herritarrek Bastilla hartu dute. Esaten denez, erregeak deiadar egin zuen: “Matxinada bat da”. Dukeak zuzendu zion: “Ez, Sire, iraultza da”. Gero gerokoak, buruak moztu zizkieten eta beste.
Pasadizo entretenigarria, ezta? Baietz CANen inguruko kronika ematen duela?