Berriak ez du Bilbon eraildako bi emakumeen argazkirik atera. Asteartean Maximo Agirre kaleko gimnasioaren argazkia zekarren. Atzo, aurreko eguneko protestarena. Gaur, atzo Bilboko Udaletxe atarian hilketak salatzeko egindako bilkurarena. Bitartean, hor dabiltza gainerako egunkari gehienetan, eta telebistan batez ere, etengabe, Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebolloren argazki bana, eta Juan Carlos Aguilarren bideoak.
Bilboko erasoak prueban jartzen gaitu kazetariok eta hedabideak: zer esan, zer ez, nola… Zertan jarri fokua. Morboa elikatzera zuzendutako jardunaren alboan, hausnarketarako gonbiteak. Analisia interesgarriak ageri dira; bat aipatzearren, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak esandakoa: “Gizarteak prostituzioaz daukan ikuspegia da arazoa”. Eta aurrerago: “Eraso horien oinarrian gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna dago, eta generoaren baitako sozializazioa”.
Izozmendiaren tontorra besterik ez da Bilboko gertakaria bere izugarrikerian. Biktimak emakume etorkinak izateak burdinazko harresi bat jartzen du tartean: uste ustela. Errezel bat besterik ez, errezel arin bat dago haien eta gure artean.