Barcina, inputaziotik urrats batera. Albistea neutroi bonba bat bezala erori zen atzo Diputazioaren jauregian eta UPNren egoitzan. Barcinak, hala ere, tente antza. “Lanean segituko dugu”. Dimisioa? Bai, to. Dimisioak Iruñean zinpeko epaimahai batek epaitzea ekarriko luke, eta ez da horretara arriskatuko. Miguel Sanzen abokatuarena da adierazgarriena: “nire bezeroak ez du deus ere ulertzen”. Bistan dena, bere amesgaiztorik gaiztoenetan ere ez zuen amestuko inoiz halakorik gertatuko zitzaionik. Orain, Auzitegi Gorenak izanen du hitza. Madrilen, politikoak esku beratzez hartzen dituen epaitegia da Barcinaren azken esperantza. Hobe dugu sobera ez amestea. Nekez ikusiko dugu gure lehendakaria akusatuen aulkian jarria. Haren irudi politikoa hartzen ari den kaltea, ordea, konponezina da jadanik. Sanzen abokatua zuzen dago: gure amets gozorik gozoenetan ere ez genuen amestuko inoiz halakorik gertatuko zitzaienik.