Bilboko azken eraso sexista larrien ostean, June Fernandez kazetariak prentsak gertakariei emandako trataera aztertu eta galdera bat bota du airera: “Kontatu behar da biktima afrikarra eta prostituta zela?”. Erantzuna baiezkoa da, Fernandezek berak emana. Eta ni, zalantzekin bada ere, ados nago. Finean, eraso sexistaz gain, bestelako botere harremanak ere islatzen dituzten gertakariak izan dira Bilbokoak. Jendarte matxista, arrazista eta xenofobo baten ondorio, hain zuzen, puta beltz bat lotu eta kolpez txikitzea zilegi dela pentsatzen duten pertsonak sortzen dituen jendartea, alegia. Kontatu behar da, beraz, biktima afrikarra eta prostituta zela? Bai, noski.
Kontua da, datuok bigarren maila batean geratu direla oraingoan. Sentsazionalismoak istorio ederra aurkitu du Bilboko gimnasio batean. Eta nonbait paradisurako bidean estropezu egin eta okertutako monje shaolinaren istorioan jarri du arreta. “Era poco iluminado”, irakurri dut hainbat egunkaritan, egindakoaren erantzukizuna kung-fuak baleuka legez, eta ez matxista eta arrazista hutsa izateak.
Eta hala gabiltza, lo, emakumeen erailketen estadistika zaparrada batek esnatzen gaituenera arte, azkeneko asteetan bezala. Eta gero, berriz lo, soluzio argirik aurkitu gabe, pausu handirik eman gabe. Eta agintariei entzunez “putaseme” esaten hiltzaile matxistei, ezer ikasi ez balute bezala; ezer ikasi nahi ez balute bezala.