Moderna Fundazioak Pedro Migel Etxenike ekarri zuen pasa den astean Iruñera, talentuaren nazioarteko foruan parte hartzeko. Izabarrarena izan zen hasierako hitzaldia. Hitzaldi oso interesgarria, Iruñean gutxitan entzuten diren horietakoa.
Aurretik, Maya alkateak eta Barcina diputazioburuak hitz egin zuten, protokoloak eskatzen dituen betiko ideiak errepikatzeko. Diskurtsoa amaitu eta biek alde egin zuten, gauza jakina baita gure agintari txit argiek agenda beteta izaten dutelako. Hobe Etxenikek irakaskuntzaz, zientziaz, unibertsitateaz, agintariez edo euskaraz errespetatu beharraz esandakoa entzun balute.
Baina ez. Fisikalaria oholtza gainera igo zenerako kanpoan ziren. Autoa hartu, eta beste ekitaldi batera, aholkulariren batek idatzitako testua irakurtzera.
“Krisitik ateratzeko talentuaren alde”. Horixe zen jardunaldiaren izenburu elebidunaren mezua. Elebiduna gaztelaniaz eta ingelesez, noski. Nire ustez krisitik ateratzeko, besteak beste, agintari talentudunak behar ditugu. Edo gutxienez talentudunen iritzia entzuteko prest daudenak. Batzuek, ordea, inguruko aholkularien losintxekin aski dute.