Aitor Etxarte: Garaiko monumentu nagusia

Euskalerria Irratia 2013ko ekainaren 3a

Azken urte hauetan boterearen adierazle monumental nagusia ez da Artzapezpikuaren jauregia, Iruñeko udaletxea edo Karlos IIIean dagoen Diputazioa. Garai bateko eraikuntza barroko edo neoklasikoa hauek ez dute ordezkatzen, garai batean egiten zuten bezala, aginte ekonomiko eta politikoa. Probintziaren zentralitate sinbolikoa, gizartearen gaineko nagusitasunaren irudikapena beste monumentu batek hartu du. Corteinglesaz ari naiz, jakina.

Premiazkoak diren elementu formal guztiak betetzen ditu: hiriaren erdian dago, espazio eremu berezia du bere inguruan eta hotsandiko apaindura metalikoa du kanpoko xaflen bidez. Eta, noski, elementu funtzionalak: masiboa, segurua, garbia eta erakargarria da, kanpo eta barruko kontsumo turismoaren tenplu nagusia bihurtu da.

Horrela, bere espazioa modu esanguratsuan ideologizatu du. Ikusi bestela zer gertatzen den greba eta gizarte gatazka larriak direnean, ameslariak eta suminduak bertara jotzen dute kapitalaren kontrako jarrera erakusteko. Han izaten dira ere, beste monumentuetan baino gehiago, polizia armatuak.

Eraikuntza honek, oso denbora laburrean, gaitasuna erakutsi du espazio bat sinbolikoki markatzeko, kontsumo jasanezina eta langileen eskasiaren adierazle izateko.

Eric Hobsbawm historialariak idatzi zuen Parisen 1848tik aurrera izandako gatazketan “matxinatuen belaunaldi bakoitzak aurrekoen tokiak gogoratu eta berraurkitzeko joera dutela”.

Gurean, aurreko guztiei, toki sinboliko berria gehitu zaiela bistan da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!