Maiatzak 31. Hotz eta lainotsua. Atzo, greba orokorra. Omen. Orokorra? Zentzu orokorra galdu duen hitza, orokorra. Beti bezala, zifren dantza. Konbokatzaileentzat, greba arrakastatsua. Gehiengoarentzat, beste egun deseroso bat. Deserosoagoa, normalean nahiko deserosoak direlako, Gobernuak hartzen dituen neurriei esker.
Agerian geratu dena sindikatoen ezintasuna izan da. Mobilizazioak handiak izan omen dira, bai. Greba askoz apalago. Nortzu doaz mobilizazioetara? Ahal dutenen artean, nahi dutenak. Hots, hiritar asko: langileak, lana galdu dutenak, lana egiteari utzi diotenak, lana inoiz izan ez dutenak, ikasleak. Nortzu grebara? Lana dutenen artean, nahi dutenak eta nolabait bortxatuak sentitzen direnak ere. Hots, oraindik lana dutenak eta ikasleak. Lana galtzeko beldur daudenak, egun gehiengoa direnak, nekez joango dira grebara bortxatuak ez badira. Jubilatuak, paroan, langabezian, lanik gabe daudenak, horiek ez doaz grebara. Eta horrexegatik atzoko grebari orokorra deitzea orokorki gehiegi iruditzen zait.
Hainbat mediotan mobilizazioetan gazteek izan duten presentzia azpimarratu dute. Ezin litzateke besterik. Gure gaurko gazteak dira historian hobekien prestatutako belaunaldia eta gu baino gaizkiago bizitzeko arrisku bizian daudenak. Eta onartezina da. Baina norbaitek egoera gaizto honi atzo bezalako mobilizazio batez buelta eman dezaiokegula pentsatzen badu, barka nazala, baina huts egin du. Atzoko greba orokorrak egin duen bezalaxe.