Nafarroako Kutxaren eskandalua nola tapatu aurkitu dute UPNk eta Barcinak. Eta bidenabarrean, Uxue Barkos ikusmiran jartzeko modua. Fiskaltza ikertzen hasia da Iruñeko Udaleko dieten afera. Ez zaio halako gogorik ikusi, Nafarroako Kutxaren auzian. Udal gobernuan dauden zinegotziek –UPNkoek- soldata finkoa dute, eta ez tikia. Oposiziokoek, berriz, lan saio bakoitzeko ordaina dute, eta gehieneko muga jakina. Nafarroako udal guztietan, gehienekoa kobratzen dute zinegotziek, eta inon ere ez da galderarik egiten. Iruñean orain arte ere bai. Saio horiek benetan egin diren eta zinegotzi guztien partaidetza benetakoa izan den ikertuko da orain. Gobernuan daudenen finantzabide ugariak –legezkoak eta ez legezkoak- falta zaizkie oposiziokoei. Eskasia hori arintzeko trikimailu tiki bat zuten hauek, Udaleko dietekin. Gizartea, ordea, ez dago orain trikimailu hauetarako, eta larrutik paga dezakete. Gozamenez ikusi ditugu Sanz, Goñi eta konpainia Auzitegian deklaratzen. Auskalo ez ote den sarri etorriko Barkosen, Arangurenen, Eginoren eta gainerakoen txanda.