Erakundeek plazaratzen dituzten liburuen arriskua begi-bistakoa da. Liburu horiek, askotan, argitaratzailearen izen eta izana goraipatzeko ateratzen dira, guztiok ordaintzen dugun edizio txukun eta garestian.
Krisiak nabarmen murriztu du liburu ofizialen kopurua. Noizean behin, ordea, gobernuak eta bestelako erakundeek plazaraturiko argitalpenak jasotzen ditugu. Azken bolada honetan, nafar bi musikariren biografia heldu zaizkigu: Pablo Sarasate eta Emiliana Zubeldiarena, biak Nafarroako Gobernuak argitaratuak.
Biek Nafarroatik alde egin behar izan zuten profesioan aurrera egiteko: Paris eta Ameriketara joan zen Sarasate, Mexikora Zubeldia. Lehenbizikoak ospe handia lortu zuen kanpoan zein etxean. Zubeldia, berriz, ezezaguna da sorterrian, goi mailako musikaria izan arren.
Sarasate eta Zubeldiaren biografiak. Orri-pasa patxadatsuan eta musikalean gustura irakurtzeko moduko bi argitalpen interesgarri.