Edurne Begiristain: Euskadiren eguna

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 27a

2009tik da jai egun ofiziala urriaren 25a Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Euskadiren Eguna da. Alegia, Gernikako Estatutua aldarrikatu eta ospatzeko eguna. Patxi Lopezen gobernuaren lorpena izan zen. PPk proposatuta eta PSE eta UPD alderdiek babestuta onartu zuen legebiltzarrak Euskadiren Eguna jai egun izendatzea. Gehiengoa zuten orduan alderdi espainolistek ganberan, Alderdien Legeaz baliatuta, hori bai. Indar politiko guztien ordezkaritzarik gabeko legebiltzarrean gehiengo artifiziala zuten Lopez, Basagoiti eta haien akolitoek. Autogobernuaren defendatzaile sutsuena bilakatu zen orduan Lopez. Euskadiren Eguna jai eguna izendatzea izan zen horren adibide argiena. Orduan, jeltzaleek, oposizioan zeudela, gogor jo zuten Lopezen aurka, autogobernuaren bandera interes politikoengatik hartzegatik.

Aukera zuen orain EAJk urratsa egiteko, eta alderdi abertzale gisa gizartearen aurrean jarrera agertzeko. Aukera zuen orain, gobernuan dagoela, bere botoemaile eta militante gehienen nahia bete eta burujabetzaren bidean hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Erraza zuen: urriaren 25a, Euskadiren Egun hori, bertan behera utzi, Estatutua agortutzat jo eta estatus politiko berri baten aldeko pauso argia eman. Aukera zuen, baina ez du egin. Berriro ere epel jokatu dute jeltzaleek. Diote ez direla urriaren 25a ospatzearen aldekoak, baina uste dutela eztabaida hori zabaltzea ez dela egokia, alderdi politikoen arteko ezberdintasunak agerian jarriko lituzkeelako. Argudio ahula da hori. Ahula eta eskasa. EAJk erabakitzeko eskubidearen eztabaidari dion beldurraren isla. Eztabaida horri tinkotasunez heltzeko beldurraren isla. Sinbolikoa da Euskadiren Egunarekin gertatutakoa. Bana sinbolismo horretan badago sakoneko eztabaida bat, eta gobernu honek, jeltzaleek, berandu baino lehen heldu beharko diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!