Elixabete Garmendia: Argazkia 05-23

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 23a

Eguraldi hotza, bustia eta iluna; gaua ez da gozoa izan eta egunak ez du musaje hoberik, ez bada balizko askatasunaren itxaropena. Ez dago argazkirik. 1938ko maiatzaren 23an, Iruñeko Hoja del Lunesek ez zuen San Kristobal gotorlekuko ihesaldiaren albisterik eman.

75 urte geroago puzzlea osatzen jarraitzen dute gaian tematutakoek, azkena Fermin Ezkietak. “Los fugados del Fuerte de Ezkaba” liburuan, hari muturrak lotzen segitzen du; atera ditu aztarnak ihesa burutzea lortu zuen laugarren preso batenak. Azagrakoa behar zuela izan, Kalifornian bizi izan zela, Bankako baserri batera iritsita lortu zuela askatasuna… Baina balizko laugarren iheslari horrek ez du izenik ere oraindik.

Beste hiru preso askeetatik batek, José Marinerok, Mexikon berregin zuen bizitza; han sortutako familiakoek ez dute bere ibilien berri izan oraintsu arte; ez zuen ezertxo ere kontatu senitartean. Jovino Fernándezek bai: Ezkabatik ihesi mendian noraezean pasatu zituen hamahiru egunetako harat-honaten kronika lazgarria utzi zuen, bere alabaren memorian.

Ezkietak miatu ditu iheslariek erabili zituzten bideak eta lekuak; atera ditu hainbat aztarna giza ehiza hartakoak, orduan ume zirenen ahotik: harrapatu eta berehalako fusilamenduak, ezkutuan egindako lurperatzeak… Bere kontutan, oraindik hemeretzi lagunen paraderoa argitzea geratzen zaio.

Argazkirik gabeko kronikaren burrunba ez da oraindik mututu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!