Uxue Barkos: “Minbizia askotan sendatzen da”

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 22a

Uxue Barkos, Metropoli Foraleko bigarren zabalgunean hazi eta hezitako iruindarra. Geroa Bai koalizioko diputatua Madrilen eta Nafarroa Bai taldeko zinegotzia Iruñeko udalean.

“Contra viento y marea” liburua plazaratu du berriki. Bularreko minbizia zeukala jakin zuenetik, urtebete geroago Espainiako Kongresura itzuli zen arteko bizipenak biltzen dira lan honetan. “Nire barruan dudan kazetariak idatzi du liburua, 2011.urteko kronika biltzen da bertan, nire eguneroko bizitza kontatu dut, minbiziarekin izaniko harremana”.

Medikuak minbizia zuela esan zionean kolpe gogorra hartu zuela aitortu digu Uxue Barkosek. “Ezin izan nion negarrari eutsi baina une horretan bertan medikuak esan zidan gaixotasun hau sendatzen dela eta terapiarik hoberena izan dira hitz horiek, buruan izan ditut etengabe”.

Hasierako hilabete gogorrak

Hasierako hilabete horiek ez ziren xamurrak izan, kimioterapiaren ondorioak latzak baitira. “Oso ahul gelditzen zara, nekaturik zaude, ilea galtzen duzu baina ingurukoen laguntzari esker aurrera ateratzen zara”, hala nabarmendu digu Geroa Baiko diputatuak.

Bularreko minbizia duten beste hainbat emakume ausart ezagutu dituela aipatu digu. “Haien indarrak eta kemenak asko lagundu dit, eredugarriak izan dira niretzat”. Duela bi urte bizitako esperientzia pertsonala ez ezik, Uxue Barkosek liburuan orduko egoera politikoa ere gogoratu nahi izan du: “Bi hauteskunde deialdi izan ziren 2011an, udalekoak eta Kongresukoak, lan gogorra egin zuten alderdikideek eta emaitza onak lortu genituen. Urte politiko oso garrantzitsua izan zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!