Mugimenduan dator gaurko argazkia. Segundoko hogeita bost bat irudiko abiaduran, gutxi gora behera. Bideoan, bi palestinar, aita-semea, Isralego armada eta palestinar militanteen arteko tiroketa baten erdian geratu dira harrapatuta. Paretaren kontra egin dute, babesteko edo. Aitak besoz, aldakez, belaunez, eskuz saiatu da umea estaltzen, balek irents ez dezaten. Alferrik. Tiro-segida batekin batera, balen hots jarraituekin bat aldendu da kamara une batez aita-semeagandik, zoomean atzera. Oihu hotz bat, garraxi lehor bat entzun da. Kamarak berriro aurrera egin duenean, pare bat segundoren bueltan, umea etzanda ageri da, gorputz txikia aitaren hanken gainean. Hilda. Omen.
Bideoa ez da gaurkoa, ez atzokoa, ezta duela hilabetekoa ere. 13 urte betetzear da, baina aktualitateak itzuli du gurera. Izan ere, Israelek ukatu du inongo ardurarik duenik umearen heriotzan. Are gehiago, umea ez zela hil argudiatu du, grabazioaren azken irudietan bizirik agertzen omen delako. Haurraren aitak gobernuaren bertsioa gogor salatu du, eta gertakizuna argitzeko nazioarteko ikerketa abia dadila eskatu du. Ongi legoke. Israel, adibidez, ustezko irudi horiek erakusten has zitekeen. Eta gero, justiziak esanen luke. Kontua da, hainbeste eraso, hainbeste zigorgabetasun eta hainbeste heriotzek ez diotela mesede handirik egin Israelen sinesgarritasunari. Artzainari ere inork ez zion sinistu otsoa zetorrela hirugarrenez oihukatu zuenean. Bere iraganaren biktima da Israel. Eta, egiaren begietara, ez du lan erraza artzain hebrearrak.