Fermin Erbiti: Bigarren dibisioan, are zailagoa zorra kobratzea

Euskalerria Irratia 2013ko mai. 21a, 11:38

Osasunak berrogei milioi euro zor dizkigu nafarroi. Berrogei milioi euro dirutza da, are handiagoa estutasun handiko garaiotan. Gobernuak eta Osasunak hitzartutakoaren arabera, gaztelu plazako taldeak hamar urteko epean kitatuko du zorra.

Ederra helburua, beste kontu bat da sinesgarria ote den. Nago hitzarmena eginikoek ere badakitela esandakoa balio handirik gabeko asmo hutsa dela, ametsetik hurbilago dagoena errealitatetik baino. Hamar urte barruko zordunen sailkapenean baietz agertu Osasunaren izena, toki nabarmenean gainera.

Igandeko hil ala biziko partidak soka luzea ekarriko du datozen egunetan. Sevillari nola edo hala irabazi behar zaio, horixe komunikabide guztiek errepikatuko duten mezua. Behingoz ados jarriko dira denak, gauza jakina baita Osasuna nafar guztiok batzen gaituen gai bakarra dela.

Eta ni oso futbolzalea ez izan arren, ados, bi arrazoirengatik. Batetik, Osasuna bigarren dibisiora jaisten bada, kazetari batzuk langabeziara joanen direlako. Eta, bestetik, bigarren dibisiora joaten bada, Osasunaren zorra kobratzeko itxaropentxoa ere pikutara joanen delako.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!