Paradoxa badirudi ere, Castejon eta Iruñea arteko lotura AHTaz egiteko Nafarroako Gobernuak daukan temak azken kolpea emango dio burdinbideari. Sortu zuten helbururako ezgai da trena, gaur egun. Errepideak azkarragoak dira, ugariagoak, orotarikoagoak, noranahikoak. Herriak lotu eta jendearen joan etorriak ziurtatzeko helburua aspaldian abandonatu zuten agintariek, eta abiadura azkarrak trenak jatorrian zeukan konpromisoa —garraiobide merkea, herritarra, segurua, praktikoa— ezinezko egiten du gainera. Renfek hainbat zerbitzu kenduko ditu laster, ez baitira errentagarriak. Broma krudela da: zer errentagarritasuna dauka egin nahi duten tren lasterrak? Nola neurtu dute Nafarroa osoa zeharkatzen duten autobide guztien errentagarritasuna? Zenbat gastatu dute Noaingo aireportu huts horretan? Zulora doan Nafarroa honetan beste palakada bat izan da balizko tren soziala eraitsi eta aberatsen trena eraikitzeko egindako plangintza guztia. Beste bat.