Adierazpen soil bat baino gehiago izan zen joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrak preso politikoei buruz onartutako proposamena. Estatuan preso politikorik ez dagoela ebatzi zuen ganberak, PSE, PP eta UPDren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Testuak bestelako gaia jorratuko izan balu, balio sinboliko eta politikoa baino ez luke izango, baina kasu honetan, ez, kasu honetan hori baino gehiago da. Presoen izaera politiko edo ez politikoaren interpretazio hutsetik, dialektika hutsetik baino harago doa legebiltzarrak onartu duen ebazpena. Gure mugetatik at ongi dakite hori. Madrilen bereziki. Jomuga badute, lurreratze pista prestatzea baino ez zaie falta. Eta hori egiteko bidelagun ezin hobeak topatu dituzte Eusko Legebiltzarrean: PSE, PP, UPD eta horiekin batera, EAJ. Laguntza estimagarria izan dute Espainiako botere judizial eta politikoek preso politikoak kontzeptuaren kriminalizazioaren atea zabaltzeko. Egoera ongi definitu zuen osteguneko bilkuran Julen Arzuaga legebiltzarkideak: "Auzitegi Nazionalean eta Gorenean hona begira daude, frankotiradoreak bezala", esan zuen.
Nahita alderdi espainolisten kasuan, edo nahi gabe, jeltzaleen kasuan, egoera arriskutsua sortu dute legebiltzarreko adierazpenari bide emanez. Izan ere, presoen aldeko edozein adierazpenaren aurkako gurutzada are gehiago estutu dezake orain Espainiak. Frankotiradoreak prest daude, eta laster tiro egingo dute.