W jaunak eta H andereak Merced kalea zeharkatu dute oinetako lokaztuak narrasten, diseinuzko motxila-txano-zira-makila daramate eta bizkarrean oskol totemikoa. Konpainiako aterpearen bidean doaz. Erromesak dira, turista abentureroak, espiritualak, benetako bidaiariak. Monumentu esanguratsuak, ostalaritza sinplea eta indigenen tratu beroa kontsumitzen dute.
M jauna Merced kaletik Labrit aldera doa bota zaharretan, motxila, txano eta plastikozko poltsa bana eskuetan. Eguna non igaro asmatu ezinik, karitatezko janari eta edarien ibilbidea egingo du, ohikoa duen iparrik gabeko joan-etorria. Zurezko bankuak erabiltzen ditu.
W eta H bikoteak Done Jakueraino egin zaien parke tematikoaz gozatzen dute. Hiri zaharrean harrera bikaina dute, auzotarrentzako beharko luken Jesús y María aterpe berri eta ia musutrukean. Souvenirren fartsa prest dute, erromesen denden ordutegi zabalak eta prezio merkeekin. Seguritatea, gainerako turistentzat bezala, egun osoan bermatzen zaie kolore guztietako gizon armatuen bidez.
M jaunak ez du parke tematikorik. Ez da inon ongi etorria izaten.
H Lefebrek idatzi zuen “boterearen espazioan, boterea ez da agerian, espazioaren antolaketan ezkutatzen da.”