Xabier Barber: Zentzugabekeriaren antologia

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 16a

Ez dakit mundu mailan horrelako antologiarik egin den ala ez. Baldin badago, Nafarroako Abiadura Handiko Trena (AHT) sartuko litzateke, lehenbiziko tokietan.

Beti pentsatu dut AHT, orokorrean, astakeria dela, gaurko kapitalismoaren paradigma. Ekologikoki ezin kaltegarriagoa (lurren suntsidura, energia gastua), sozialki jasanezina (batez ere dirudunentzat egina), tren arruntentzako konpetentzia desleiala (AHTren aitzakiarekin desagerrarazten dituztelako) eta, gutti balitz, garestia, oso garestia; hain garestia non kapital pribatua ez litzatekeen inondik inora holako "negozioan" sartuko. Zenbat irakasle, zenbat ohe, zenbat oinarrizko errenta ordainduko liratekeen AHTn desagertzen den diruarekin kalkulatuta dago; asko dira, gehiegi.

Baina, lehen aipatu bezala, afera gaur egun Nafarroan mundiala da. Denetariko murrizketak eta kalteak mantentzen dituen bitartean, Nafar gobernuak berean jarraitu nahi du. Castejon eta Iruñearen artean, 70 bat kilometroko petatxu bat eraiki, AHTren sarearekin inongo loturarik gabekoa.

Aski da! Geldi dezagun AHTa. Bihar, ostirala, goizeko 11:30ean Nafar Parlamentuaren aurrean eta 25ean, larunbatean, Tafallan deituta dagoen manifestaldian aukera dugu beste pausu bat emateko. Ager gaitezen!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!