Elixabete Garmendia: Argazkiak -03-27

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 16a

Bikromatikoa da argazkia, beltzez eta gorriz doaz bertan dauden guztiak. Beltzez ertzainak, burua kasko gorriz babestuta; beltzez Urtza Alkorta, soinean euritik babesteko plastiko gorria zulatuta eta piltzartuta.

Bikromatikoak dira atzo ertzainek Ondarroan egindako operazioari buruz politikariek egin dituzten adierazpenak ere; txaloak jo dizkiete gehienek, batzuek bazela garaia esanez gainera. Operazioa salatu dute ezker abertzalekoek, kontu eske Ertzaintzari eta lehendakariari.

Gurean ere bikromatikoa gertatu zen eztabaida. Lankide batek, telebistan ertzainek adineko emakume bati nola eraso egin zioten ikusita, ezin izan zuen oihu larria erreprimitu; beste lankide batek boteprontoan erantzun zion: ertzainak egin behar zutena betetzen ari zirela, han zeudenak, adinekoak izanda ere, bazekitela zer zetorkiekeen.

Atxiloketen kontrako ekintzak ez dira oraingoak. 1933an, EAJko mitinlari ziren Haydée Agirre eta Polixene Trabudua atxilotu zituztenean Bizkaiko gobernadore errepublikarraren aginduz, bermeotarrak joan ziren gau batean Larrinagako kartzela atarira, bi emakumeei babesa ematera. Hurrengo urtean, 1934an, “Soy revolucionaria” izeneko artikulua argitaratu zuen Polixene Trabuduak Jagi-Jagi aldizkarian. Gandhiren bidea, desobedientzia zibilarena, bere egiten zuen hor EAJko mitinlariak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!