Fermin Erbiti: Haurrendako hiriak

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 14a

Gizona, heldua eta autoduna. Horixe omen dute gogoan gure hiriak antolatzen dituztenek. Proposamen bitxia egin zuen pasa den astean gurera etorritako irakasle batek: hiriak haurren beharretara egokitu ditzagun, haiek ere, haiek batez ere, eroso bizi daitezen.

Badut lagun bat New Yorken zortzi-hamar urte egin zituena. Haurrak sortzean, hona bueltatzeko erabakia hartu zuen. Artista izanik, hura askoz erakargarriagoa bazen ere, New York bakarrik helduendako hiria zelako bueltatu zen hona, hura ez zelako haurrendako batere egokia.

Politikarien erabakiek hiria atseginagoa edo desatseginagoa egiten dute. Haurrak karriketatik bidaltzen dituen hiria baino gauza tristeagorik ez dago. Merkatal gune handi horiek hiriko haur askoren jolastoki bakarra bihurtu izanak ere, gure ergelkeriaren maila islatzen du.

Prèvert poeta frantziarrarena da hurrengo esaldia: hiri baten sekretuak ezagutzeko, karriketan barna ibili behar da, pausoak zenbatu gabe. Gure agintariek ez dakite nor zen Prèvert, eta karriketan barna noizbat ibili badira, hura zer den ahantzirik daukate. Horregatik, hirigintzari buruzko erabakiak hartzean haurrengan edo zaharrengan pentsa dezatela esanez gero, barre eginen dute, hori utopia edo pellokeria hutsa delakoan.

Haurrek ez ezik, gainerako guztiok ere garesti ordaintzen dugu horren ondorioa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!