Nekane Pérez: LOMCE, Profilaktikoak erabili ezean, atzera martxa erabiliko dute?

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 13a

2012ko irailean LOMCE-ren lehenbiziko zirriborroa ezagutarazi ziguten, horren geroztik pasa dira 9 hilabete, haurdunaldi bat. Orain arte, aurreproiektuarekiko kontrako jarrera adierazi dugu, kalean oihuka eta instituzioetan adierazpen eta mozioen bidez, gure mozioei “profilaktiko” izena jarri diete PPkoek. Profilaktikoak izanen balira hau ekidin izango genuke baina horretarako berandu da ja … haurra bidean dago. Haurra malformazioekin dator eta amaren bizitza, Hezkuntza publikoarena, arriskuan jartzen du, akaso horrengatik aurreko astean kaletik ikusi dugu berriro ere jendeak ezetz erraten diola Hezkuntzaren balizko hobekuntzarako erreformari, ezetz murrizketei, ezetz gezurrei.

Ez dakit kasu honetan zer ekografia berria erakutsi nahi izanen diguten, memoria ekonomiko berri bat?, beste zirriborro bat? Edozein kasutan urdin kolorezko zelofan paper berria, beste gezur bat aurrekoen gainetik. Bere gorputzari buruzko erabakiak hartu nahi dutenei bezala erruduntasun sentsazio bilatu nahi izanen dute. LOMCE-ren kontra agertzen bazara, atzerakoia zara, beti ezetzean zaude, ez duzu jendartearen garapena bilatzen. Legea denon onerako baita, sistema jasangarria izateko, eszelenteak izateko… tar, tar, tar.

Nik ez dut hori nahi, denontzako kalitatezko hezkuntza publikoa integrala nahi dut, inklusiboa, laikoa, ditugun beharrei erantzuten diena, hainbeste eskatzea da?

Gobernuak momentuz atzeratu du prozesua. Prozesua eta lege hauek ez dute inolako babes sozialik, Elizaren ingurukoa besterik ez, eta babes hori ezagutuz, ez aborturik, ez profilaktikorik… bakarrik gelditzen zaigu eskatzea atzera martxako metodoa erabil dezaten eta lege hori argia ikusi behar ez dutenekin batera gorde dezaten.

LOMCE-ri berriro ezetz borobila

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!