Frankismoaren itzala luzea da Espainian. Errotuta dago oso erakundeetan eta bereziki botere judizialaren goi karguetan. Nabarmena da, erabat, zigorgabetasunaren eta ahanztuaren aldeko kultura. Horren adibide argia izan dugu egunotan Madrilen. Frankismo garaiko krimenak epaitzeko auzia ireki zuten Argentinan, eta egunotan biktimek euren lekukotasuna egin behar zuten bideokonferentziaren bidez Argentinako kontsulatuan. Ordea, Espainiako Atzerri Ministerioak egin duen presioaren ondorioz, deklarazioak bertan behera geratu dira momentuz.
Espainia urduri jarri da. Nola edo hala ari da saiatzen lekukotza horiek entzun ez daitezen. Epaiketa bera egin ez dadin. Badaki, prozesuak aurrera jarraituz gero, auziperatu nahi dituzten frankismo garaiko epaile, ministro eta torturatzaileen estradizioa eskatu dezakeela Argentinak. Estualdian geratuko da orduan Espainia, gaizkileak babestu egingo dituelako, estradizioak atzera botaz. Baina auzi honek guztiak, Espainiak presio eginda ere, efektu positiboa izango duela zalantzarik ez dago. Biktimei aurrera egiteko indarra eta kemena emango die, epaile eta fiskalak kolokan jarriko ditu, eta beste epaitegi batzuetan ekimenak abiatzeko abiapuntua izan daiteke, esaterako, Giza Eskubideen Europako Epaitegian.
Presio guztien gainetik, auzia berpiztu izanak badu bere garrantzia. Urrats garrantzitsua da Argentinako justiziarena, frankismoaren aferak lo hartu ez dezan balio dezakeelako. Itxaropentsu izateko heldulekua bada. Akaso, egunen batean frankismoko krimenen arduradunak akusatuen aulkian ikusiko ditugulako. Akaso, egunen batean, zigorgabetasunaren pagotxa amaituko zaiolako Espainiari. Lehen pausoa, behintzat, emanda dago.