Aitor Etxarte: Aberaskume paraxutistak dixit

Euskalerria Irratia 2013ko mai. 13a, 11:39

Agian, ez da oso cool. Beharbada ingurukoak uxatzen dituzu. Edo egun horretatik aurrera iskin egiten dizute. Baina. Askatasuna kapritxokerien aitzakia bihurtu den gurean, hobe duzu ez tematzea esanez gure oraingo miseriak klase borrokaren ondorio direla. Hau da, gure kontura betikoa egin nahi dutela: gutxi batzuen aberastasuna paroxismora eraman. Bizi garenon lanaren eta etorkizuneko zorraren bidez, eta lurrak dituen osagaiak ebatsiz, gure ondorengoak etorkizunik gabe utziko dituzte.

AHT parabola perfektua da. Premia funtzionalik ez duen egitasmoa aurrera doa, sortzen duen zorra eta suntsiketa langile guztion geroa zapuztuz.

Eskerrak Moscoso del Pradok asteburuan haserre esan duela, horrela irakurri dugu periodikoetan, gobernuak hartu duen azken erabakia, Iruñea-Kastejon tartea egitea eta akabo, “onartezina”, “absurdua”, “irrigarria”, “txantxa astuna”, “kaltegarria”, “erridikulua” eta “eztabaidarik gabe eta sekretismoan hartu dela”. Gauzak horrela, erabaki du gaur bertan, Espainiako Erresumaren Kongresuan, dagokion ministroari “urgenteki azalpenak eskatzea”.

Jakina, ezaguna den aberaskume paraxutista honek ez du exijitzen AHT bertan behera uztea, osoa egitea baizik. Bikaina probintzi honetan jarri duten ezkerreko alternatibaren buruarena.

Immanuel Wallerstein, soziologoa amerikano ezagunak, idatzi zuen: “Kapitalistak gurpilean jarritako saguak bezalakoak dira, gero eta azkarragoa doaz gero eta azkarrago joateko. Sisifo infernuan ari den bezala, gurpilarekin jo eta ke gora eta behera, hasiera eta bukaerarik gabeko mugimenduan.”

Bitartean, gurpila eragiten dugunok gero eta gertuago pobreziatik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!