Elixabete Garmendia: Argazkiak -03-26

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 9a

Zuri-beltzezko argazki hauek ezinbestean dira zuri-beltzak. Urruti samarretik aterata dagoenean sei gizon dabiltza, bizkarra makurtuta, pikatxoiekin lurrari jo eta jo; Aritxulegiko tunela zabaltzen ari ziren.

Beste argazki batean zazpi gizon eta txakurtxoa ageri dira, BatallónDisciplinario 38, Oficina, zehazten duen kartelaren inguruan. Hirugarrenean hirurogeitik gora gizon, ilaratan jarrita argazkia ateratzeko. Han dago txakurra ere; aldamenean turuta bat daukan gizonezkoa: goizeko dianarako agian? Guztien artean beste gizon bat nabarmentzen da, bestelako uniformea baitu soinean, gorra-platoa eta bularra zeharkatzen dion uhala: gatibuen zaindarietako bat da.

Basarriren bertsoek jartzen diete hitza argazkiei; entresaka eginda, kontatzen du Inazio Eizmendik: “Aiako Arritan gaude… lanean gogoz aritzen gera soldatarik jaso gabe, berreun nagusi badaude…”

Hogeita hamasei milatik gora preso behartu omen zituzten frankistek Euskal Herrian gatibu lanak egitera; horiei Espainian zehar aritu ziren euskal herritarrak gehitu behar. Garaia da, bai, laster Oiartzun aldean egingo duten bezala, haien izerdiz eta odolez blaitutako errepide eta eraikinak identifikatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!