Denbora batean, gauez, oihan batean elkartu omen ziren Egia eta Gezurra. Tirriki-tarraka, biak elkarrekin, bidegurutze bateraino iritsi ziren.
—Zu zoaz hortik —esan zion Gezurrak Egiari bide estua seinalatuz—: ni bide zabaletik joango naiz. Zu eskale errukarria zara eta ni, berriz, aberatsa.
Egia bide ilunetik aurrera zihoala, euria hasi zuen. Une hartan gaztainadi bat zeharkatzen ari zen eta bertako zulo batean babestu zen. Handik ordubetera, oraindik zulo hartan zegoela, sorginak iritsi ziren.
Batak danbor hotsa, besteak txistua, soinua… denetik. Eta ikaragarrizko jaia egin zuten. Gero, iiii, aaaa, irrintzi artean, elkarri mundu guztiko berriak eman zizkioten. Hura akelarrea zen; gaztainadi hartan akelarrea egiten zuten.
—Aizu, zer berri?
—Zaharrak berri!
Eta beste batzuk:
—Aizu, zer berri?
—Halako erregeren alaba gaixo omen dago.
—Sendatuko al da?
—Ezta pentsatu ere.
—Bai, nik badakit harentzat sendabidea zein den. Egun batez, mendiko baseliza baten atarian jostatzen ari zela, neskatoari eraztuna erori zitzaion. Han, harri baten azpian, bazen apo bat eta hark irentsi zuen neskaren eraztuna. Apo hura, arnasa hartu ezinik hiltzen den egunean, erregearen alaba ere hil egingo da. Baina apoaren gainean dagoen harria kendu, eta neskatoak eraztuna kentzen badio, sendatu egingo da.
—Halakorik…! —egin zuten sorginek, kur-kur-kur, barreka.
Gertaera haien berri izan zuenez, biharamunean Egia biderik bide joan zen erregearen jauregira.
—Zuk alaba gaixorik omen duzu —esan zion.
Eta erregeak arrapostu:
—Demonio kazkarra, zuri nork esan dizu hori? —ordura arte erregeak eta sendagileak bakarrik baitzekiten alaba gaixo zegoela.
—Nahi baduzu, sinetsi eta nahi ez baduzu… Nik esan behar dizut alaba sendatzeko ez duzula sendagile beharrik. Niregan konfiantza baldin baduzu, neronek sendatuko dut.
Erregeak sinetsi zion, eta halaxe abiatu ziren Egia, alaba eta beste lau soldadu. Ailegatu ziren sorginek aipatutako baselizara, eta Egiak honela galdetu zion neskatila gaixoari:
—Zein tokitan ibili zinen jostatzen?
Eta erregearen alabak tokia seinalatu zionean, Egiak lau soldaduei harria altxatzeko agindu zien. Harriaren azpian apo bat zegoen, puztu-puztuta, eta sorginak esan bezala, ahoan neskatxaren eraztuna zeukan. Orduan, Egiak esan zion erregearen alabari:
—Kenduiozu eraztuna ahotik.
Alabari hantxe gogoratu zitzaion eraztuna nola galdu zuen, eta apoari kenduta, atzamarrean sartu zuen. Une hartan bertan, alabaren aurpegi zurbila argitu egin zen eta erregeak, pozak txoratzen, nahi adina diru eman zion Egiari. Gainera, harrezkero Egia zaldikotxe batean eramaten zuten.
Beste egun batez, Egia zaldikotxean paseatzen zebilela, berriro topo egin zuten Egiak eta Gezurrak. Egiak ezagutu zuen Gezurra, eta esan zion:
—Kaixo Gezurra, zer dugu?
—Zu nor zara?
—Ni, Egia! Ez al zara gogoratzen behin nola bidali ninduzun bide estu batetik? Gau hartan gaztainadi batera iritsi nintzen, eta eguraldi txarra suertatu zenez, gaua zulo batean eman nuen —Eta honela eta honela, dena gertatu bezala kontatu zion.
—Nik ere joan behar dut ba zulo horretara —esan zuen Gezurrak.
—Bai, zoaz hala nahi baduzu.
Eta gaztainadiko zulo hartara iritsita, Gezurra adi-adi eta zelatan jarri zen. Berriz ere danbor, txistu eta irrintzi hotsak entzun ziren, iiii, aaaa!
—Aizu, zer berri?
—Halako erregeren alaba, guk aurreko aldian aipatu genuena, sendatu egin da. Bakarren bat bazegoen, bai, gaztainadi honetan entzuten… Gaur zokoz zoko bilatu behar dugu, eta harrapatuz gero, txiki-txiki egingo dugu, eta porrokatu.
Hasi ziren ba bila, eta basoa ongi miatuta, Gezurra aurkitu zuten Egia egondako toki berean, eta Gezurrari berebiziko jipoia eta zafraldia eman zioten.
Egia eta Gezurra beste behin ere elkartu omen ziren, eta Gezurrak, ezin mugiturik, honela esan zion Egiari:
—Zuk esana egiteagatik, dena hankaz gora atera zait.
* * *
Hona ipuina eta horra egia, orain artekoan, Mariano Ibarra zenak niri eta nire magnetofoi prehistorikoari kontatu zigun ipuina, Sunbillara euskara ikastera joan, eta luze gabe Gutun harrigarri bat liburuan jaso nuena.
Eta hona ipuina eta horra, bidenabar, gezurra, izan ere ipuineko eraztuna, Marianoren ahotsean, elizako ogia baitzen, ogi sagaratua; niri bai orduan bai orain, kirrinka egiten zidana, eta didana, eta seguruenik, jatorrizko ipuinetik, kristautasunaren eraginez, aldatua izan zena.
Baina ze poza, a ze poza, gerora, ipuin berbera Azkueri ere irakurri nionean: Petralandako batzar bi edo hiru. Eta, askoz geroago, Maddi Ariztiari; Gizon pobre baten istorioa, liburuan. Eta poza erabatekoa izan zen, berriro ere Bizkaia aldean, honako ipuin amaiera hau entzun nuenean: Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra. Hau da, formula paregabea ipuina behar bezala biribiltzeko: egia bakarra: sudurra.
Hogei urte baino gehiago pasatu dira harrezkeroztik, eta ziur nago berriro Mariano Ibarrarekin elkartuko banintz, biok ere zalantza egingo genuela Egiaz, zalantza Gezurraz. Horren denbora gutxian gauzak asko aldatu direla, alegia, eta gero eta muga lauso eta labainagoa dagoela egia eta gezurraren artean. Marianok, orduan, egiaz esaten zidan non ikusi zituen laminak, zein garaitan, zein erreka zulotan, Ulisesen sirenak nola. Baina gaur egun duda-muda egingo zuen, izan ere egia ez baita apenas inon ageri, ez Nafarroako Maldaerrekan ez Euskal Herri osoan. Batez ere, batez ere, nekez malbizi garen —eta gaituzten— desgarai hauetan.
Egia bakarra, egiegia, Bizkaia aldetik datorkigun huraxe: Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra. Sudur luze-luzea. Gezur luzeegia. Gezurregia.