Hiru eguneko baimenaldia 17 urte kartzelan egin dituenari. Ez dirudi loteria tokatu zaionik Valentin Lasarteri. Eta hala ere, halakotzat hartu dute hainbat taldek, hainbat pertsonak. Horretarako, Lasartek ETAtik publikoki urrundu behar izan du lehenik, eta barkamena jendaurrean eskatu. Ez du ematen sekulako saria eman diotenik ordainean. Hiru egun, eta gero buelta, ziegara. Eta hala ere gehiegizkotzat jotzen duenik ez da falta bazterretan. Gaur Nafarroako egunkari batean irakurri dut Consuelo Ordoñezen gutuna, Valentin Lasarteren baimenaldiaren gainean. Bere anaia Gregorio hil zuen Valentinek, edo hiltzen lagundu. Herra dario Consueloren gutunari. Mina dario. Eta hala ere, irakurri beharrekoa da, presoen arazoaren tamainaz noizbait jabetuko bagara.