Mika Etchebehere: UPN beti harago...

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 7a

PP-k abortuaren legean egin nahi duen aldaketa lotsagarriaren berriak hedabide guztietan ditugu berriz. Rouco Varela kardinalari eskerrak eman behar dizkiogu Espainiar Estatuko gobernuan dagoen partiduak berriro ere gai hau agendaren zerrendan lehen postuan jartzeagatik. Izan ere bederatzi hilabetetako isiltasunaren ondorioz berak egindako deklarazio batzuk bultzatu dute gaia trending topic izatera.

Ez gaitezen engaina, abortuaren legearen atzean dagoen arrazoi bakarra emakumeei autonomia kentzea da; amatasuna eta gorputzean gertatzen direnak erabakitzeko aukera ezabatuz, kenduz, lapurtuz, deseginez. Azkeneko mendeetan hori izan baita boterea eta hor baitaude gure gizarte patriarkalaren arrazoi askoren sustraiak.

Eta erokeriak erokeria eta astakeriak astakeri, oraingoan epeen legetik supuestuen legera bueltatzea da asmoa, malformazioaren ustea kenduz, izan ere, jaiotzea dagoenaren eskubideak errespetatu egin behar dira. Pikutara amaren eskubideak.

Eztabaida honen aurrean UPN-k ez du isilik egoteko aukerarik eta ergelkerien txapelketa bihurtu den honetan parte hartzea erabaki du, are eta ergelkeri handiagoa esaten. Hortxe dugu Carlos Salvador Armendariz diputatuaren proposamena: abortatzera doazen emakumeak umea, edo hobe esanda, zelulen argazki bat ikustea. Ea modu honetan haren erabakia aldatzen den.

Krisia gutxi ez balitz, politikoen lapurretak gutxi ez balira, zorraren ordainketa gainean ez bagenu eta eskubideen murrizketa horren zabala ez balitz, emakumeek legalki zuten autonomia ere ezabatu nahi dute, oraingoan eliza katolikoaren hierarkia gerontokratikoari kasu eginez. Hau guztiaren aurrean eta beti eusten diogun leloari are gogorrago eutsiz, doazela denak kardinalak aurretik eramanda!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!