Aitor Etxarte: Patata tortilla lizuna

Euskalerria Irratia 2013ko maiatzaren 6a

Pertsonekin gertatzen zaigu. Ilusioa pizten zaigu gure errutinan ezezaguna agertzen denean. Baina, ilusioa makaltzen da gure usteak betetzen ez direnean.

Taldeekin, proiektu edo erakundeekin antzekoa suertatzen da. Sorrera zirraragarriek jarraipen zaila dute hasierako ilusioa atxikimendua bihurtzeko. Askotan, miraria da.

EITB izan da azken urte luzeetan izan dudan atsekabe bat. Ilusiotik ahanzturarako bidaia egin dut. Jakin aldizkariaren azken alean Aztikerrek egindako ikerketaren berri zabaltzen du. Besteak beste, dio ETBko albistegien gai nagusia kirolak dira (%29,7) eta kultura, adibidez, beste muturrean da (%12); erabilitako denboran kirolak lehenak dira (%33,1), informazioaren protagonistak gizonak dira (%75) eta jarduerak kontutan hartuz, nola ez, kirolariak dira goian (%22,7). Eta abar.

Pobreak, langileak, emakumeak, erkidegotik kanpo apartekorik ez. Albistegi probintzianoa, kirol espektakuluaren propagandista, kulturalki nagia, iluna politikoki, istripujalea, eguraldiaren menpekoa. Eta abar.

Gainerako programazioak antzeko ezaugarriak ditu. Hozkailuan, taper baten barruan agertzen zaigun aspaldiko patata tortilla lizunaren parekoa. Ilusioa sentitzen nuen garaiak berreskuratuko ditut, hau malenkonia, gaurkora ekarriz Superbat edo Sautrela.

Eskerrak gaur astelehena dela eta Hiru Errege Mahai guztiek tregua txikia emango digutela. Ez dira desagertuko, baina ez dute arratsalde-gau osoko mundua beteko. Espero dut.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!