Gaur beteko dira 68 urte Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin zuela. “Egin zezakeen lehenago” pentsatuko dugu askok. Bai, baina ez da hori kontua. Suizidioa baino egun batzuk lehenago, egoera militarra aztertzeko bilera batean, gerra galdua zegoela ulertu zuen fuhrerrak, inperioa galbidean zegoela. Berlingo bunker hartako lau pareten artean gertatutakoa ezin hobe islatua ikusi genuen Hondoratzea pelikulan. Askok, eszena originala baino, horren gainean egindako milaka parodietako baten bat ikusiko zenuten. Ez du axola. Gera zaitezte Hitlerren oihu eta haserrearekin.
Konparaketa baimentzen badidazue, eta distantziak mantenduta, gaur Nafarroako Parlamentuan Barcinak eta Jimenezek izanen duten bilerak badu 1945ko hartaz zer o zer. Liderra hondamendiaren aurrean, histeriak jota, inperioa kosta ala kosta mantentzeko ahalegin desesperatuan, baten bati berak onartu nahi gabeko erantzukizunak garrasika leporatuz. Mahai gainean mapa bat, Nafarroako diputazioko gotorlekua erdian, marra gorriz inguratuta, alde askotako setioa: dietak, murrizketak, langabezia, hospitaletako kaka (literalki) eta abar luzea. Aitortuko dizuet ez dakidala oso ongi Roberto Jimenez zeinekin parekatu. Diotenez, Hitlerrek bere medikuaren txakurrarekin probatu zuen aurrena gero berak hartutako zianuroa. Norberak egin ditzala konparaketak. Baina argi gera dadila hemen inor ez dabilela zianuro dosirik exijitzen ari. Barcinak alde egitearekin nahikoa daukagu. Guk geuk irekiko diogu bunkerreko atea, nahi badu. PSNk, bere aldetik, bilerarengandik gauza handirik ez duela espero esan du, baina joanen dela, ea sorpresaren bat jasotzen duen. Nik espero dudana da PSNk guri ez ematea sorpresarik, tamalez ohituta gaituenaren antzera.