Bazen behin munduan galdurik zegoen herri txiki bat. Hain txikia zenez, mapetan aurkitzea ere gehienetan lan nekeza zen. Batzuetan, noizbehinka, gauza arraroak gertatzen ziren lurralde haietan. Inork ulertu ezin zituen logikarik gabeko gertakariak izaten ziren gehienetan, gogorrak, eta sufrimendu handia eragiten zuten.
Oraindik ezin dut ulertu zergatik gertatzen diren horrelakoak. Ez dut ulertzen zergatik polizia batek nik baino eskubide gehiago izan behar dituen, zergatik duen eskubidea (edo ahalmena) zaindu eta babestu beharko lituzkeen herritarrak iraintzeko. Nork dauka ahalmena gazte batzuei bizitza lapurtu eta zulora bidaltzeko? Nork erabaki du porlanezko kaiolak euskal herritarrez osatzea? Ez dut ulertzen zergatik den delitu gazte eta iraultzaile izatea, zergatik dagoen debekatuta aske bizi nahi izatea. Debekatua amestea. Debekatua bizitzea. Debekatua geure lurra maitatzea.
Baina gure herria aurrera doa, eta aurrera eginen du kosta ahala kosta. Mundu txuri-beltzera, grisera kondenatu nahi gaituzte, baina koloretako mundua eraikiko dugu guk, irribarrez margotua. Zulora sartu nahiko dituzte gure herrikideak, baina herri harresiak hor jarraituko du, tinko, adi. Maitasunak bultzatzen gaituelako elkar lotzera. Maitasunak ekarri gaitu honaino, maite ditugu gure bazterrak eta geure jendea. Maitasunez eraikitako harresia ezinen dute eraitsi. Askatasunaren bila goaz, pausorik pauso, poliki baina etenik gabe.