Euskal gazteek kanpora lan egitera joan behar izaten badute, ez da hemen lana topatzea zaila delako, edota krisi latzak gogor astintzen gaituelako. Ez. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren ustetan ez. Krisialdia baino arrazoi indartsuagoa omen dago arazo horren atzean: EAEn dauden hizkuntza eredu zorrotzak omen dira arazo guztien iturburu. Ostiralean entzun nion diputatu nagusiari Madrilen hizketan: esaten zuen euskal hezkuntzan dauden hizkuntza eredu zorrotzek kanpoko profesionalak geurera etortzea zailtzen dutela. Herritarrek administrazio publikora sartzeko dauzkaten filtro linguistikoek ondorio kaltegarriak dituztela eta eredu nazionalistetatik ihes egiteko euskal gazte askok kanpora jotzen dutela. Bere ustez, euskal Autonomia Erkiegoak negu demografikoa pairatu du euskal nazionalismoaren erruz eta herritarrek ez dute askatasunik eduki nortasun nazionala aukeratzeko orduan. Akats horiek konpontzeko erkidegoak "lehioak zabaldu" behar omen ditu, "mundura ireki" nazionalismoaren eta ezkertiarren dogmatismoak gainditzeko.
Arrazoi horrek bultzatuta nahi zuen, akaso, ahaldun nagusiak aurtengo aurrekontuetan euskara sustatzera bideratutako egitasmoetan murrizketa handiak egitea. Akaso, horregatik nahi zuen euskararen sustapenari dagokion atalari %52 kentzea, eta hizkuntzaren etorkizuna bideregurutzean uztea. Aurrekontuak onartzeko akordiorik ez zuen lortu PPk, baina murrizketa horiei eutsiko die Arabako diputazioak aurten. Nahiago baitu De Andresek mundura ireki, lehioak zabaldu eta Espainiako haize ufadak sartzea.