Beuntzako apaiza udaberrian herritik mendira joaten zen ia-ia goizero. Neguko hotzak joanda, eta eguraldiak laguntzen bazuen, goizean goizik abiatzen zen eguneroko buelta ematera, eta egunsentiarekin batera hartzen zuen mendirako bidea, hilerri ondoko bidetik goiti, tipi-tapa tipi-tapa, inork ikusten ez zuelakoan. Noizbait herriko baten batek galdetu zion ea zertara joaten zen horren goiz mendira, eta apaizak erantzuten zion Jainkoarengandik hurbilago sentitzen zela egunsentiko ordu horietan; otoitz egiten omen zuen orduan, goizeko bakardadeak lagun bakarra zuelarik. Kontua da baten bat ohartu zela apaiza itzultzen zela maiz zerbait ezkutuan zekarrela; sotana beltzaren azpian saiatzen zen ezkutatzen, baina poltsa zuri bat ekartzen zuen gorde-gordeka.
Maiatzaren hasieran izanen zen nonbait. Jakin-minez jota, batek erabaki zuen apaizari jarraitzea jakiteko zertan zebilen apaiza. Eta hala egin zuen. Goiz batean, apaiza abiatu zen mendira, ohi bezala, baina egun hartan ezezagun batek jarraitu zion, tarte eder bat utzita badaezpada ere, apaiza kontura ez zedin. Bidearen puska bat eginda, apaizak bidezidor bat hartu eta basoan barna joan zen; jarraitzaileak ia-ia galdu zuen arrastoa, baina lortu zuen ikustea nora joaten zen apaiza. Hor ikusi zuen apaiza perretxikoak biltzen, ferra itxurako perretxiko multzo eder bitan. Apaizak egun horretan perretxikoak bildu, poltsa zurian sartu eta herrirako buelta hartu zuen, perretxiko-lekuan beste lekuko bat egona zela ohartu gaberik.
Maiatzak aurrera egin zuen eta hodeiek euri goxoa ekarri zuten; eguzkia atera zen atzera ere, indartsu. Biharamunean, argiak zerua urratu aitzin, apaiza baino lehenago, herritik lekukoa atera zen. Apaiza ere abiatu zen goiz, eta, betiko moduan, ez zuen saskirik eramaten; saskia eramatera, denek jakinen baitzuten zertara joaten zen. Poltsa zuria sotana beltzaren azpian gorderik joan zen tipi-tapa tipi-tapa... Baina ez nahiko goiz, zeren apaiza perretxiko-leku sekretura orduko, han ez zen perretxikorik. Apaiza berehala ohartu zen han norbait ibilia zela perretxikotan, “bere” perretxikoak biltzen.
Igande horretako sermoian, apaizaren ahots burrunbatsuak Beuntzako eliza txikiaren zutabeak dardarazi omen zituen. Zazpigarren agindua urratzen dutenen aurka oldartu zen: “Lapurrek pairatuko dituzte infernuko surik gorrienak” egin omen zuen aldarri predikuaren klimaxean. Gerora ere, apaiz horrek bere ahaleginak eta bi egin zituen asmatzeko nor zen haren sekretuaren jabea eta aitortza-lekuan fededun harrituei egiten zizkien galderak, horren froga... Alferrik, baina. Udaberriak joan eta udaberriak etorri, ferra itxurako bi perretxiko-toki horiek betiko partekatu behar izan zituen ezezagun batekin. Diotenez, apaiza hura zahartu, txartu eta hil zen, inori esan gabe non zeuden perretxiko-leku horiek, eta apaizak berak jakin gaberik nor izan zen bere sekretuaren jabea.
Nik ere ez dakit nor izan zen goiz hartan jarraitu zion ezezagun hura. Bakarrik dakit perretxiko horiek oso-oso goxoak direla.