Jon Abril: UPN, publikoaren defendatzaile

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 24a

UPN publikoaren defendatzaile sutsua da, eta nafarren hobe beharrez ari da. Nonbait, ez bide da ongi ulertzen publikoarekiko egiten duen defentsa.

Nafarroako emakumeek ezin izan dute aborturik egin Nafarroan, lege guztiek hala aginduta ere. Berriki sinatu du Nafarroako Gobernuak hitzarmena Antsoaingo klinika pribatu batekin, eta aurrerantzean abortuak egin ahal izanen dituzte hala nahi edo behar duten emakumeek, Nafarroatik atera gabe. Gallardonek lehenago saihesten ez badu enegarren abortu legearen aldaketarekin.

Comptos Ganbarak belarritik tira dio UPNri, akordio hori Nafarroako Ospitaletan abortuak egitea baino garestiagoa dela erranez. Eta UPNk errieta egin Comptos Ganberari, ia zertan dabilen, ez dagokiola politika egitea, nahikoa duela parlamentuan bazterrak nahasten dabiltzan horiekin.

Eta Comptos Ganbarak, Nafarroako emakumeek, eta herritarrek oro har, ulertu ez duguna da UPNk halako erabaki bat hartu badu osasun publikoa defendatzeko egin duela. Ez baitu aborturik nahi sare publikoan. Ez baitu nahi emakume lotsagabe horien odol zikinak denok ordaindutako ospitalea zipriztindu dezaten.

Agian horregatik, eurek ez dira joaten ospitale publikoetara, bertzeek kutsatu ez ditzagun. Eta hor ere, faborea osasun publikoari, erabiltzaile gutiago dituelako osasun pribatura joaten den jendeari esker. Horrela ez da ez itxaron-zerrendarik, ez gehiegizko eskaririk osasun publikoan. Gure hobe beharrez ari dira, eta ez gara enteratzen!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!