Mika Etchebehere: Apirilaren 23a, murrizketen eguna liburuetan.

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 23a

Liburuen murrizketen eguna izan beharko luke gaur, hipokresia hutsa baita Nafarroako liburutegi publikoen sarean liburuaren eguna ospatzea. Horixe pentsatzen dute Yamaguchiko liburutegian, esaterako. Gobernuak gaurko egunerako diseinatutako kartela hartu eta “fake” bihurtuta bereganatu baitute “Horrelako kartela jartzea ezinezkoa zitzaigun”, esanez.

Liburutegietako langile eta erabiltzaileentzat iraingarria baita apirilaren 23a ospatzea. 2008tik %95ko murrizketak jasan dituen esparru honetan paralisi erraldoia bizi baita. Nafarroako liburutegi sarean ez baitago liburu berriak erosteko aukerarik, 50.000€ daude liburutegi guztien artean banatzeko. Era berean ezin dira izorratu edo apurtzen diren liburuak ordeztu. Haur literaturako saila hurrengo urteetan txikituko delako zurrumurrua dago liburutegietako bazterretan.

Ikus-entzunezkoak alde batera utziko ditugu, iaz desagertu baitzen horiek erosteko aurrekontu saila. UPNk oraindik ez baitaki liburutegien gaur egungo helburua integrala dela, ikus-entzunezko zein musika arloko sormenak ere eskainiz.

Ospitaleko sukaldeen pribatizazioak, hezkuntzako murrizketek, gizarte arlokoek eta liburutegikoek helburu berdina dute eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko helburuarekin harreman zuzena ere. UPN-ren helburu politikoa oso garbi baitago Nafarroan, PP-arena estatuan dagoen bezala. Gizartearen autonomia, sormen gaitasuna eta ongizatearen murrizketak dira Nafarroako zorrari aurre egiteko bide eta aitzakia.

Horrexegatik gure helburuetako bat Nafarroako zorraren auditoria bat egitea litzateke bertan ikusi ahal izateko nori zor diogu, zergatik zor diogu, zein zor den zilegi eta zein ez dugun ordainduko. Horrelaxe jakinen dugu epaitegian agertzen direnen lagunen zerrenda.

Egunetik egunera maiteago dugun leloari eutsiko diogu liburuek ematen duten askatasuna ere murriztu nahi digutenean: “Ez dugu zor, ez dugu ordainduko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!