Biboko Maria de Haro kaleko plaza txikia hutsik esnatu da gaur goizean. Albo batean, itxitako pertsiana bati lotuta, lore sortak handiak dira, altu eta koloretsu, adreilu hotzetik hazi balira bezala. Plaka batek gogorazten digu hantxe, duela urtebete, hil zela, hil zutela Iñigo Cabacas, Athleticen garaipen bat ospatzen ari zela.
Hari buruzko dokumentala ikusi ostean oheratu nintzen atzo, eta gaur, esnatu berri, harek utzitako sentsazioak dauzkat bueltaka, oraindik. Filmak era bikainean errepasatzen ditu 2012ko apirilaren 5 hartan gertaturikoak, eta baita, ordutik hona kasuaren bueltan izandakoak. Eta horiek dira batez ere nabarmendu nahiko nituzkenak. Batetik, kikildu gabe egia eta justizia exijitzen dituen familia baten duintasuna, eta xamurtasuna, ezinhobe islatzen dituelako. Eta bestetik, dagoeneko bagenekiena berresten digulako: Cabacasena arduragabekeri osoz jazotako hilketa izan zela, denborarekin inpunitatean eta komunikabide handien desinformazioan babestu izan dena. Gertakarien lekuan izan zen ertzaintak istilurik ez zegoela jakinarazi zion operatiboaren arduradunari, Ugarteko izeneko bati. Baina honek, hala ere, plazara indarrez sartzeko agindua eman zion. “Entren con todo”, esan zuen, 1978ko sanferminetako “no os importe matar” huraren antzeko irrati soinuz. Ondorioa berdina izan da bietan: heriotza eta inpunitatea. Horregatik, eta dokumentala ikusi ondoren, are zailagoa zait Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia segurtasun sailburuak pasa den astean eginiko adierazpenak ulertzea. Are ulergaitzagoa gertatukoari “istripu” deitzea.