Zaloa Basabe: Egunerokotasuna

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 18a

Kazetaroi gaurkotasuna transmititzea eskatzen digute, aztertu beharreko gaiaren inguruan ikuspuntu ezberdinak emanez eta objetiboak izanez.

Berdin dio Bostongo atentatuaz, Pantojaren ebazpenaz, Irango lurrikaraz edota Mirandaren deklarazioaz ari bagara… hauek agenda informatiboaren gaiak dira eta honen inguruko datuak eta hausnarketak plazaratzea eskatzen digute.

 

Baina askotan gure bizitzaren gaurkotasuna, gure bizitza egun batetik bestera hankaz gora jartzen dituzten gertakizun horiek ez dira inolako agendan agertzen. Eta horrek ez du esan nahi gertakizun horiek gehiengo bati eragiten ez diotenik, hala ere, isilarazten ditugu, pelikula onak karteleretan agertzen ez diren bezala, eta liburu on asko inoiz best-sellerrak izango ez direnaren antzera.

 

Aste honetan jakin dut Espainako Entzutegi Nazionalak betiko lagun bati 7 urteko zigorra ezarri diola eta lankide bati gaixotasun larria diagnostikatu diotela.

Bi gertakizun hauek iritzi artikulu batean konpartitzea gaurkotasuna ala errealitatea transmititzea da?

 

Gaurkotasuntzat jotzeko gertakizuna izen propioz josita agertu beharko litzateke: pertsonai famatu eta kokapen espezifikoen izen propioekin. Errealitatetzat jotzeko aldiz, nahikoa da guztiok ezagutzen ditugun izen arruntekin joatea: hala kartzela edo minbizia.

 

Gure bizitzan izen propioak eta arruntak nahastu egiten dira, gertakizun larriak eta arinak bezala, guztiak gure errealitatearen osagaiak dira.

 

Nire bizitza arrunta eta propioa da aldi berean. Kartzelak eta minbiziak sortzen dituen sufrimenduak izen propioak izanik inguruko hainbatekin konpartitu dezakegun egoera arruntak direlako. Gure bizitzaren parteak dira eta nire errealitatearen ikuspuntua honen onarpenetik pasatzen da. Hala beharrez.

 

Baliteke irratian hitz egiten dudan bitartean Japoniako kostaldera misil bat iristea, Barcinak dimititzea edota Venezuelan Estatu kolpe bat ematea. Hori guztia albistegiak hasteko lehen lerroko informazioa litzateke.

Baina aurreko ezerk ez luke aldatuko izen propioz eta egoera arruntez osoatutako gure errealitate hurbila.

Hau da egunerokotasunaren paradoxa: iragankorra eta transzendentala da aldi berean eta ez dago hitz bakar bat ere ez hau aldatzeko edo izendatzeko gai denik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!