Gaizka Aranguren: Diru aferengatik, epailearengana

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 16a

Guztion dirua kudeatzeko boterea izan dute eta oraindik badute. Guri dirua zergen bidez kentzen digute eta haiek erabakitzen dute nori eman, zer erosi, zertan inbertitu edo nola erre. Boterea, funtsean, hori da. Hori da, bederen, Mendebaldeko demokrazia ordezkatzaileetan.

Nafarroa Garaiko herritarren zergak kudeatu dituzten zazpi gobernuetako  bosten lehendakariak dirua bere alde kudeatzeagatik epaituak, inputatuak edo susmopean izan dira. Del Burgo, Urralburu, Otano, Sanz eta Barcina. Hori da marka!

Hori horrela izatea kasualitatearen ondorio ez dela ematen du. Nafarroa Garaian eratutako Foru Komunitate espainiarraren defendatzaileendako ordain ekonomikoen parte bat izan da.

Espainiak Nafarroa Garaiko elite ekonomikoak elikatu izan ditu azken bost mendeetan. Hogeigarren mende amaieran jazotakoa eta XXI. mende hasieran gertatzen ari dena ez da berria. XVI. mende amaierako zenbait dokumentu irakurtzea bertzerik ez dago, horretaz ohartzeko. Zaharrak berri.

Inperioa gainbeheran datorrenean, ordea, banatzeko aberastasun gutxiago dago eta ez da leku guztietara iristen. Orduan hasten dira orbanak agertzen, zuloak eta txoko ustelak.

Sanz epailearen aitzinean joan den astean, atzo Maya alkatea eta gaur Miranda kontseilari ohia. Zergatik eta, dirua kantitate lotsagarriak sakeleratzeagatik herritarren ordezkaritzaz baliatuz. Ideiengatik espetxean bukatzea gogorra da, baina jasangarria, duintasun emalea maiz. Dirua gehienei ebasteagatik susmopean egotea baina egoera umiliagarriagorik, ordea, nekez antzeman daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!