Mika Etxebehere: Abiadura handiko erabakiak

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 11

 

Enrique Maya, Álvaro Miranda eta Miguel Sanzek epaitegira bisita egin behar dioten datatik astebete baino gutxiago falta delarik, UPNko burua den Yolanda Barcinak higiezinen zikloaren gorenean geundeneko politika egiten jarraitzen du. Zuzentasun politikoa, duintasuna eta gardentasunaren alde apustu egin ordez, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza da bere lehentasuna.

Azken urte t'erdiko murrizketek izan dituzten ondorioak alde batera utzi ditu erabilpen sozialik ez duen azpiegitura honen alde. Bere biziko interes pertsonala du Barcina andereak proiektu hau ateratzeko, ezin bestela ulertu duela urtebete baino gehiago Toulousen jaurti zizkioten tartek emandako barne mina eta horiek jaurti zizkiotenentzat sei eta bederatzi urte bitarteko kartzela zigorra eskatzea.

Urtebete ondoren ulertzen dugu zer gertatu zen hortxe. Yolanda Barcina Nafarroako erreginari, gauza ororen nagusiari, Nafarroako Kutxan zein beste zuzendaritza komisiotan egin eta desegiten zuen anderea, lurtarra zela erakutsi ziguten Mugitu mugimenduko kideek. Pertsona arrunta zela, zikindu, lapurtu eta haserretu egiten zena. Epaitegien aurretik pasa zitekeena.

Hortxe dugu koska. Hortxe dago azken asteko Barcinaren isiltasuna bere alderdikideen inputazioen aurrean eta berea izan daitekeenaren aurrean ere. Baina kasu! Nafarroako Gobernuko postuetan dauden horiek haren politika suntsitzaileak egiten jarraituko dute azken momentu arte, azken minutu arte, azken sosa eskuratu arte. Horrexegatik behin eta berriz errepikatzeagatik indarra galtzen ez duen lelo horri eutsi behar diogu inoiz baino gehiago: “Doazela denak, ez dadila inor gera”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!