Iñaki Irisarri: Espartzua

Euskalerria Irratia 2013ko apirilaren 10a

Apala eta xumea, eta gizakioi mesede asko egindakoa; horrelakoa da espartzua. Landare hori nonahi ikusten ahal da eremu lehor samarretan, eta ez du lore koloretsurik edo berebiziko edertasunik. Baina eskuzabala da, eta gaur egungo bizimodu moderno eta nahasian atzendua badugu ere, gizakiok izugarri baliatu izan dugu, antzina-antzinatik, hainbat tresna egiteko.

Jakina, apal eta xumea izanik, espartzua ez da erabili armak, erregaiak edo telekomunikazioko gailu zibernetikoak egiteko, eta ez dut uste odol askorik isuri denik haren izenean, petrolio edo koltanarekin gertatu den antzera; aitzitik, espartzuak lan apalenak egiteko eskaini du bere burua, besteak beste, zikinkeriak garbitzeko tresnak, sokak, saskiak eta espartinak nahiz oinetakoen zolak egin izan baitira harekin. Inon diren lan apal eta xumeenak egiteko tresnak, ziur aski.

Ezin dut irudikatu oinetako baten zola izatea baino lan apalagorik. Begi guztien gordean, baina lan handiena bere gain hartuta, pertsonen oinak ezkutuan eta isilean babesten, batek daki zer bide makurretan barrena ibiltzen diren bitartean.

Inolako osperik gabe, lan eta lan, besteen zerbitzura.

Oi espartzua! Gure agintariek zuregandik ikasiko balute! Beste kuku batek joko liguke, dudarik gabe!

Politikari horiek, izan espartzu my friends, eta zola bilakatu behingoz, jendea oinutsik ibil ez dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!